Portada

Aurkibide orokorra

Sarrerako orrialdeak

Ikonoen aurkibidea

Abestien aurkibidea

Kolaboratzaileak

Kredituak

Zer da Ondarearen hezkuntza?

Ondarearen hezkuntza

Hezkuntza eredua

Kulturaren jabetze kritikoa

Material didaktikoak

Tradiziozko kantutegia

Tradiziozko haur kantutegia

Aplikazio didaktikoak

Zer da Ondarearen hezkuntza?

Ondarearen hezkuntza ondare kulturalaren “eraikuntzan” parte hartzea errazten duen bitarteko prozesutzat har daiteke. Legediarekin eta kudeaketarekin batera, transmisioa sustatzen du pertsona, jarduera eta gertakari kulturalak errespetatuz.

Batez ere pertsonei eragiteko gaitasunaz arduratzen da, garapen iraunkorrerako balioekin lan egiten baitu: garapen sinbolikoaren norabidea, behar kulturalen gogobetetzea, jendearen parte-hartzea eta kontsentsua, balio ekonomiko eta merkatu turistikoan posizionatzea, ezberditasuna errekonozitzea (alteritatearen eta kulturaniztasunaren kudeaketa) eta kohesio soziala.

Ondarearen hezkuntzaren barrenean, helburu partikularren eta hartzaileen arabera, honako bi arlo hauek bereizten dira: ondarearen zabalkundea eta didaktika.

Zabalkundeak hedatzeko eta zabaltzeko helburua du, ez da soilik informazioa ematea, baizik eta estimulatzea,hausnarraraztea, emozioak sorraraztea eta gizarteari parte-harraraztea. Batez ere bitartekoak eta tresnak ezartzea da, ondare kulturala apreziatua, errespetatua eta disfrutatua izan dadin.

...

(eta II)

Ondarearen didaktika, aldiz, ez da transmisioan soilik gelditzen; horrezaz gain, ezagutzen eta esanahien eraikuntza suposatzen du. Zabalkuntzarekin batera, ekintza kulturalean eta bere baloreetan oinarritzen denez, inguru formaletan eta ez-formaletan ikasten duen subjektuaz arduratzen da. Teknologia berriekin ikaskuntzako eremu hau erruz zabaltzen da, eta horrek errazten du bai ezagutza kokatua eta bai ezagutza mugikorra.

Gehiago irakurri

Bibliografia aukeratua

Ondarearen hezkuntza Ondare Kultural Materiagabearen esparruan

UNESCOren (2003) Biltzarraz geroztik, Ondare Kultural Materiagabea honela definitzen da: “komunitateek, taldeek e.a.-ek beren baitakotzat hartzen dituzten Ondare kulturalaren erabilerak, errepresentazioak, adierazpenak, ezagutzak eta teknikak”. Bestalde, Ondare Kultural Materiagabearen (OKMren) zaintzarako Plan Nazionalaren (2011:5) txostenean zehazten da beste honako hau dela “bizirik dirauen gertakati kultural oro, konpartitutako esanahi kolektiboa eta komunitatean oinarria duena”.

OKMak suposatu du Ondare Kulturalaren ikuspuntu bateratzaile berri eta banaezin bat, objektutik gertakarirako pausoa errazten duena, azken hau arlo material eta materiagabeak bateratzen dituen balio eta esanahi-multzoez osatua bezala ulertuz.

Gertakari hauek bizirik eta garatuz doazen paisaia kulturalaren barrenean sartzen dira, eta hauetan ezagutzak, ospakizunak, eta adierazpenak transmititzen dira. Gizarteak zaintzeko erantzukizuna du bitartekaritza lana eginez iraganaren, orainaren eta etorkizunaren artean. Transmisio-arazoei aurre egin behar dien mantentze kultural hau, (belaunaldien arteko distantziagatik, etnobizitasun urriagatik edo ez ezagutzeagatik delarik ere), ez da akritikoa, alderantziz baizik, guztiz jakitun da ondare horretan badaudela antibaloreak eta gainditu beharreko “ondare ilun” bat dela.

...

(eta II)

Hortaz, zaintzaren mugak Giza Eskubidearen mugak dira. Eta honetaz arduratzen da legedia eta kudeaketa kulturala.

Hala ere, material didaktikoz osatutako bilduma honekin lortu nahi dena da transmisioak erakusten dituen zailtasunei erantzutea posible dela zirkuitu bat osatuz, hasi landa-lanarekin (lekukoei,informatzaileei edota garraiatzaileei informazioa jasoz) eta haurren jabetze kritikoarekin bukatuz (berbizitasuna eta etnobizitasuna lortuz).

Horretarako, UNESCO-k Ondare kultural materiagabearen eremuan hiru arlo nagusi berezi zituen: tradizioak eta ahozko adierazpenak, hauetan hizkuntza delako ondare kultural materiagabearen tresna edo bitarteko; gizarte tradizioak: errituak, giza- eta jai-ekintzak; eta naturarekin erlazionaturiko tradiziozko teknikak eta erabilerak. Duela gutxi zehaztu ditu Plan Nazionalak eta ondoko zazpi hauek aipatzen ditu: teknika, prozesu eta jarduera produktiboei buruzko ezagutza tradizionalak; sinismen, jai-erritu eta bestelako praktika zeremonialak; ahozko tradizioa eta hizkuntza berezitasunak; errepresentazioak, eskenifikazioak, jokoak eta kirol tradizionalak; manifestazio musikal eta entzuzkoak; elikatzeko moduak; eta elkarrekiko bizikidetza-moduak eta antolaketak.

Gehiago irakurri

Bibliografia aukeratua

Hezkuntza-eredua

Transmisioaren zirkuitoa osatzen duen hezkuntza-eredu bat planteatzeak eskatzen du ikasten duen subjektua, haurra, ereduaren muinean kokatzea. Kulturaren ikuspuntu dinamiko eta malgu batetik begiratuz gero, ondare kulturalak, eta are gehiago agian OKMak, haurraren gogo gorpuztuari (“embodied mind”) transmititzen dio pertzibitzeko, sentitzeko, pentsatzeko, jokatzeko modu bat, zabaltzen dena (esperimentazioa, sorkuntza, berrikuntza) eta inguruarekin elkartrukaketak egiten dituena (imitazioa, eredu-emailea, hezkuntza). Beraz, beharrezkoa da hezkuntza eredu orokor (holistiko) bat zentzumen-aniztuna, emozionala, kognitiboa eta jokaerazkoa batzen dituena.

Lehen ikusi dugun bezala, ondarearen didaktika transmisio soiletik haratago doa; esanahiaren eta ezagutzaren eraikitzea suposatzen du nola hezkuntza ez-formalean hala hezkuntza formalean (material hauen jasotzaile nagusia), proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren (POIren) bidez eta beren oinarrizko gaitasunen garapenaren bidez. Eraikuntza horretan hezitzaileak bitartekariaren papera egiten du haurraren eta ondare kulturalaren artean, bere oraina, iragana eta etorkizunaren artean. Horretarako, lan egiten da haurraren identifikazio-inguruarekin, bere bizipeneko interes-gaiekin; beste aldetik ikasteko estrategiak eskaintzen dizkio, eta horretarako kalitatezko material didaktikoak behar ditu honako ibilbide-mota hauek bultzatzeko:

...

(eta II)

“1.- Ezagutzea; 2.- Ulertzea; 3.- Errespetatzea; 4.- Baloratzea; 5.- Zaintzea; 6.- Ongi pasatzea; 7.- Transmititzea”. Bitartekaritza horrek ahalbidetuko du jabetze hau kritikoa izan dadin kulturartekotasunaren eta belaunaldien arteko antibalioen transmisioarekin.

Lantegi hau ezinezkoa izanen litzateke irakasleen formakuntzarik gabe. Horregatik, material didaktikoen bilduma honek orientabide izan nahi du, ez emaitza mugiezin eta itxia. Irakasleek berauekin lan egin dezakete beren proiektuetan, bilduma honetan Maisuen Graduko ikasleek egin duten bezala.

Azkenik, hezkuntza-eredu honek teknologia berrietan oin hartu behar du, ikaslearen Ikaskuntzaren Inguru Pertsonalaren (PNLaren) baitako bai ezagutza kokatua eta bai ezagutza mugikorra erraztaraziz. Hortaz, modu askotariko ikaskuntza izanen da (gorputz, musika… ahozko hizkuntza), eta honen bidez jabetuko dira ondare kultural materiagabeaz.

Gehiago irakurri

Bibliografia aukeratua

Kulturaren jabetze kritikoa

Buhamiak badakite
(BAIGORRI, Azkue)
Kantariak: Ana Telletxea eta Lina Andueza

Buhamiak badakite trikun trakun egiten,
Trikun trakun egin eta oilaskoen ebasten.
Triailaraila…
Buhamiak badakite oilaskoen ebasten,
Oilaskoak ebats eta sasipean gordetzen.
Triailaraila…
Buhamiak erosi du lau sosetan ogia,
Lagunari saldu dio bortz sosetan erdia.
Triailaraila…

Hau bezalako abesti bat, xenofobiari erreferentzia zuzena egiten diona eta ijitoei buruzko estereotipo ezkorra azaltzen duena, ezin zaio eskolaumeari aurkeztu baldin eta lehenagotik kulturaren jabetze kritikoaren eredu bat landu ez bada.

...

(eta II)

Txikienentzako estrategia didaktikoa da egoera berriak aurkeztea eta hauen bidez bere ondare kulturalak gordetzen dituen jarrerak, baloreak eta jokaerak ezagutzea eta baloratzea, balioduna zaintzea, eta bikaina dena bakarrik hartzea, moldatzea eta transmititzea.

Baina horrezaz gain, ikasleen heldutasunaren arabera, abesti honetan ateratzen diren bezalako edukiak aurkeztu behar zaizkie haien jarrera kritikoa bultzatzeko eta antibalio hauek gaitzesteko eta gainditzeko. Azken finean, jabetze kritiko bat lortu behar da aurreko belaunaldikoen (belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren) edo beste kulturen (kulturartekotasunaren) balioez jabetzeko eta egokitzeko, eta bi jatorrietako antibalioak baztertu eta gainditzeko.

Gehiago irakurri

Bibliografia aukeratua

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzarako (POIrako)
material didaktikoak

Material hauek, batez ere, gelan lan didaktikoa burutzeko asmoarekin egin dira, hezkuntza formalerako eta ezagutza kokaturako. Hala ere, uste dugu, on line dagoen material multimedia hau guztia inguru askotara egokitu daitekeela, beste proiektu mota batzuetan ere landuz, esaterako, ikaslearen Ikaskuntzako Inguru Pertsonalarekin (PLNarekin) lan egiten duten proiektuetan, edota era askotariko ikaskuntza-komunitate ezberdinetan elkartrukaketak egiteko erabil daitezke (adibidez, herri mailako proiektuetan egin daitezkeen belaunaldiz belaunaldiko edo kulturarteko elkartrukaketetan). Alde honetatik, modu askotariko ikaskuntza eta gaitasun digitalaren garapena bultzatzen dute.

Denen ezaugarria da 0-8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoela eta Haur Hezkuntzan mikrogaitasunen lanketan eta Lehen Hezkuntzan gaitasunen lanketan oinarritzen direla, esaterako, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI) metodologiaren barnean. Proiektu eginak eta itxiak proposatu beharrean, nahiago izan da irakasleek berek prestaturiko proiektuetan txertatzeko material didaktiko osagarria eskaini.

...

(II)

Ikuspuntu honekin, Haur Hezkuntzarako prestatu beharko liratekeen proposamen didaktikoek izan beharko lukete Curriculumeko arlo guztiak aintzat hartzen dituztenak: hizkuntzak eta komunikazioa, Inguruaren ezagutza, eta norberaren ezagutza eta autonomia pertsonala. Halaberean, inteligentzia aniztunak (ikus bibliografian Howard Gardner y Thomas Armstrong) bultzatu beharko lituzkete, baita errezeptzioa eta sormena hizkuntza desberdinetan (ahozkoan, musikan, gorputzean, ikusentzunezkoan...).

Bestalde, Haur Hezkuntzako proposamenek oinarrizko gaitasun guztiak edo zortzietako batzuk barneratu beharko lituzkete beren proiektuetan. OKMaren arloak bereziki interesgarriak dira gelan honako gaitasun hauek lantzeko: gaitasun komunikatiboa, giza, kultural, artistiko eta gaitasun digitala.

Bi etapetan, OKMaren arloek aukera paregabea eskaintzen dute elkartrukeko ekintzak aurkezteko eta belaunaldien arteko edota kulturarteko ezagutzak lantzeko.

...

(eta III)

Kantutegiari buruzko material hauek prestatzea, adibidez, berez proiektu bat garatzea izan da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Haur Hezkuntzako Irakasleen Graduko ikasleentzat, bitartekari didaktikozko proposamenak burutu baitituzte, ondorengo orrialdeetan ikusiko den bezala. Irakaslegaiak transmisioaren kate honetan sartzea funtsezkoa izan daiteke belaunaldi berriek jabetze kritikoa tajuz egin dezaten eta OKM honen guztiaren zaintzan parte aktiboa har dezaten.

Gehiago irakurri

Bibliografia aukeratua

Tradiziozko kantutegia

Abesti bat musika eta poesia modu artistikoan bateratzen dituen ahozko adierazpen mota bat da. Edozein lan poetikok bezala, barneko mundu emozionala eta kanpoko mundu soziokulturala jartzen ditu harremanetan. Tradiziozko abestiek gauzatzen diren une berean badute, hasteko, zeregin soziala eta kulturala, eta horrek ahalbidetzen du modu askotara sailkatzea zeregin horren arabera (erlijiozkoak, erromeriakoak, lanekoak, animalia-hiltzekoak, arnozkoak, pornografikoak, errituzkoak eta koreografikoak, jai girokoak, ongi etorrizkoak, protestazkoak…). Baina aldi berean badute baita ere unetasun bat, hau da, abesten diren gutxi-gehiagoko errituzko inguru bat. Inguru hau erlazionatua dago, alde batetik, bizitzaren zikloarekin, zeren ez da ia ia unerik edo bizitzaren garairik nagusienik, ahozko adierazpen abestu batez lagundua aurkitzen ez dugunik, non adierazten den modu sinbolikoan bederen aro berri baten “jaiotza” (erditze abestiak eta erdituaren beilakoak, haur txikien beilakoak, sehaskakoak, keinu-mimikazko jokoak, haur eta gazteen jokoak, errondakoak, soldaduenak edo kintoenak, ezkontzakoak eta epitalamioak, hiletakoak…). Beste aldetik, inguru hori mendebaldeko urteko kristau-jai zikloarekin osatzen da: eguberrietako abestiak, gabonsariak, negu garaiko diru eskeak, inauterietakoak, martxokoak, Garizuma, Aste Santua eta Pazko garaikoak, maiatzekoak, Donibane jaikoak, udako eta udazkenekoak, Domisinuru egunekoak, herri bakoitzeko festetakoak…).

...

(II)

(Bestalde, egiletasunaren eta transmisioaren arabera, tradiziozko abestiak, abesti herrikoak eta abesti kultuak bereiz daitezke. Lehenbizikoak formaz eta edukiz “mamitu” eta gizaldiz gizaldi transmititu diren ahozko tradizioan txertatu dira; bigarrenak lan kolektiboak dira (anonimoak, nahiago bada); eta hirugarrenak egile ezaguna dutenak dira. Zenbaitetan bat-bateko abestiez ere hitz egiten da, beti ere orainari lotuak, eta zenbaitetan galkor direnak. Bat-bateko abestia denean bertsolariz, troberoz, joteroz, repentistaz... hitz egiten da; psikodinamika gizaldiz gizaldi transmititu da, hau da, ahozko tradizioari hertsiki lotua agertzen da.

Sailkatzeko beste modu bat da tradiziozko abestiaren formari eta edukiari erreparatuta desberdintzea; hauen arabera, bereiz daitezke kontaketazko abesti lirikoak (erromantzeak, baladak eta abesti narratiboak, oro har, abesti lirikoen aldean), seriatuak (kateatuak, adibidez) eta epikoak (erdi arokoak, gesta-abestiak bezalakoak, baina gaur egun desagertuak).

Aurreko sailkapen horiek denak, gainera, askoz ere gehiago aberastu daitezke irizpide musikalak eta koreografikoak gehitzen badizkiegu.

...

(eta III)

Nafarroan tradiziozko kantutegia hagitz aberatsa da, batez ere bi hizkuntzetako ahozko tradiziotik edaten delako: euskaratik eta gaztelaniatik. Bizitzaren zikloari eta urteko jai-zikloari buruzko abestiez gainera, abesti narratiboak aurki daitezke ( erromantzeak gaztelaniaz eta baladak euskaraz). Esapide eta jokoak bezalako abesti ludikoak ere badira, askotan abestutakoaren eta errezitatuakoaren artean daudenak. Esaterako, helduek haur txikiei erakusteko erabiltzen dituzten esamolde/esapideak (eskuak, besoak edo hankak mugitzeko; hanka edo belaun gainean trostatan ibiltzeko, dilin-dalan zangulukatzeko; oinez ibiltzen edo saltatzen erakusteko…; sendatzeko…); esaldi edo esapide hauetan hitzak du garrantzia (istorio errimatuak baitira, objekturen bat galtzen edo aurkitzen denean esaten diren esapideak, e.a.); beste zenbaitetan, mugimenduzko jokoetan edo joko erritmikoetan erabiltzen dira (zozketa-jokoetan, objektuekin egiten diren jokoetan, ekintzak sartzen direnetan, erritmikoetan…), eta abar. Azkenik, umorezko hainbat abesti ere aurki daitezke (adibidez, abestiz egindako zenbait ospatze herrikoi). Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi, aberastasun hau oso nabarmena dela repentisten artearen munduan, euskaraz oso indartsua den eta oso errotua dagoen psikodinamika (bertsolaritza), baina gaztelaniaz ere aurki daitekeena (joteroak, troberoak…).

Gehiago irakurri

Bibliografia aukeratua

Tradiziozko haur kantutegia

Tradiziozko kantutegiaren barnean (bizitzaren zikloa) kokatzen da haur kantutegia. Oro har, J. Crivillé adituak gomendatu zuen bezala, abestietan aintzat hartu behar da haurrak nolako papera jokatzen duen, hau da, hartzaile den edo protagonista zuzena den.

Lehenbiziko taldean, haurra hartzaile den multzo horretan, sartuko lirateke sehaska kantak, lolo kantak, haur txikiekin (0-3 urte) jolasteko abestiak eta abesti didaktikoak.

Bigarren taldean, haurra protagonista zuzena edo errol aktiboa jokatzen duen abestietan, beste mota honetako abestiak leudeke: zozketatzeko eta kanporatzeko esapideak edo abestiak, eskatzeko abestiak (gabonsariak, eske-kantak, e.a.), objektuekin egiteko jokoak eta abestiak (soka-saltokoak, konbakoak, pilotarekin abestekoak, elastikoarekin edo “goma”-rekin saltatzekoak, zangulukoak, e.a.), biribileko eta gurpileko abestiak, ilaran jarrita abesteko kantak, txaloak joz abestutakoak, eskenifikatuak edota mimikaz lagundutakoak, bestelako mugimenduzko edo akziozko abestiak, jokorik gabe egindakoak (isekazkoak, kateatuak, seriatuak…), abesti koreografikak, haur-dantza abestuak…

...

(eta II)

Alde honetatik, gure aukeraketa irizpide didaktikoetan soilik oinarritu da. Adinari dagokionez, nahiago izan dugu 0-8 urte bitarteko haurrentzako abestiak aukeratu. Lehenbiziko sailean, 0-3 urte arte, helduaren eta haurraren arteko abesti interaktiboetara jo dugu (J. Bruner-ek aipatzen zituen formatoetara); batez ere, haurrari abesten zaizkion sehaska-kantek eta keinu-mimikazko abestiek osatzen dute sail hau. Gainerako errepertorio guztia, haurrak berak abesten dituen kantak dira. Horrela, bigarren sail batean, 3-6 adinekoei zuzendua, abesti ludikoekin lan egitea erabaki dugu (konplexuagoak diren beste keinu-mimikazko jokoak, esapide eta haur-joko abestuak), urteko zikloko abesti errazekin (eguberrietako abestiak edo eske-kantak), errituzko abestiekin edota koreografikoekin, eta abesti liriko eta narratibo errazekin. Horiekin denekin mikrogaitasun linguistiko-literarioak, musikalak eta gorputz-mugimenduzkoak lantzen dira. Azkenik, 6-8 urteko haurrentzat, aurrekoez gain (keinuzko edo mimikazko jokoak alde batera utzita), konplexuasun gehiago duten abesti lirikoak eta narratiboak proposatu ditugu. Abesti multzo hauek lantzeko sakontasuna, zalantzarik gabe, desberdina da, helburu nagusia ikasleei gaitasun linguistiko-literario eta musikalaren garapenean sarraraztea baita. Antibalioak agertzen ez diren abestiak aukeratzen saiatu gara jabetze prozesua errazagoa izan dadin.

Gehiago irakurri

Bibliografia aukeratua

Aplikazio didaktikoak

Hasteko, esan behar da haur kantutegiarekin egindako lan didaktikoan bi adin multzo berezi behar direla: 0tik 3 urte arte eta 4tik 8 urte arte.

Txikienekin hizkuntzaren jabekuntza da garrantzitsuena, haurraren eta helduaren arteko hartu-emanetik abiatuz. Haurrei zuzendutako abesti guztiak J. Bruner-ek deitu zuen Hizkuntzaren Jabekuntzaren Laguntza Sistemaren barnean sar daitezke.

Aldiz, 4tik 8 urte bitarteko haurrekin haur kantutegiak hiru zeregin nagusi betetzen ditu Teresa Colomerrek adierazi zuen bezala: imaginario kolektiborako sarrera erraztea, sozializazio-eredu bat aurkeztea eta, batez ere, eredu poetiko-literarioen ikaskuntza sustzatzea.

Haur Hezkuntzan (3-6 urte) mikrogaitasun linguistiko-literarioak landu daitezke hainbat arlotan: entzumenarekin eta jasotzearekin loturikoak (ezagutu, aukeratu, interpretatu, aurresan, inferitu, buruz ikasi...), diskurtsoaren imitazioa (diskurtsoa bukatu, (berr)eraiki, hitzezkoak ez diren arloak txertatu eta kontrolatu, bere zailtasunak eta aurrerapenak monitorizatu...), ukitu artistiko literarioa entzeman, eta hizkuntzaren erabilera ludikoarekin gozamena bultzatu.

...

(II)

Haur Hezkuntzako garai honetan —hizkuntza mota guztiak (ahozkoa, musikala, gorputzezkoa) etengabe elkartzen diren honetan— mikrogaitasun musikalak ere lantzen dira, hala nola arnasketa, artikulazioa, bokalizazioa, garapen psikomotorea (gorputz-eskema, lateralitatea, espaziozko nozioak) eta entzumenak, batez ere ikuspuntu ludikotik eta sentsorialetik begiratuta.

Aipatutakoa aintzat hartuz, eta irakaslegaiek eratutako lantegia dela kontuan hartuz, Juanjo Zubiri irakasleak (Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakasle Haur Hezkuntzan) Maisu Graduko ikasleei proposatu zien proiektu bat egin zezaten tradiziozko abesti hauen inguruan. Hizkuntza mota desberdinak sartzeaz gain (bereziki ahozkoa, musikala eta gorputzezkoa), irakaslegaiek testu hauen ezagutza bultzatu eta bitartekaritza lana egin behar zuten .

Gehiago irakurri

Lehen Hezkuntzaren kasuan, gaitasun linguistiko-literarioak honako gaitasun hauekin lotuak daude: jasotzearekin eta entzutearekin (informazioa aurkitu, testuaren muina antzeman, era logikoan ulertu, testuan dauden baieztapenak ebaluatu eta dituen ezaugarri linguistikoei buruz hausnartu), diskurtsoaren imitazioarekin (abestia ikasi planifikatzen ikasteko prestaketa-ariketa gisa) eta sormen literarioarekin (ikasleak hizkuntzaren erabilera ludiko eta poetikoan sarrarazi).

...

(eta III)

Asmo honekin, Paula Kasares Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika arloko irakasleak hainbat jarduera linguistiko-literarioz osatutako sekuentziak iradokitzen dizkigu.

Gehiago irakurri

Gaitasun musikalei dagokienez, Lehen Hezkuntzako lehenbiziko bi maila hauetan, honako gaitasun hauek lantzen dira: pertzepzioa (hurbilpen ludiko eta sentsoriala, soinuaren gorabeheren ezagutza, entzunketak...) eta adierazpena (hizkuntza musikalaren eta bere grafien hasierak; soinuen inprobisazioa; pultsuaren, erritmoaren eta azentuaren praktika...). Alde honetatik, Arantxa Almoguera irakasleak (Musika-adierazpenaren didaktika arloko irakasleak) hautatutako abestiekin jarduera musikalez eratutako proposamen bat aurkezten du.

Gehiago irakurri

Bibliografia aukeratua

Ikonoen aurkibidea

  • Abestien aurkibidea

    Aurra, egizu lo ta lo

    Bolon bat eta bolon bi

    Etzen bada, Maria

    Bilibili bonbolo

    Lendabiziko ori

    Arri arri mandoko

    Amaren xango

    Una planeta

    Zozketako esapideak (1): Dona, dona, katona

    ...

    ...

    (eta II)

    Zozketako esapideak (3): Txirristi, mirristi

    Iru xitu

    Txalo, txalito txalo

    Axuri beltxa

    An goien goien

    Basoilarrak

    Mendiak bete elurrez

    Kukurruku!

    Sagarraren adarraren

    Erbi ori zebillen

    Kolaboratzaileak

    Bildumaren maketazioa eta azala Marta Burugorri
    Abestien maketazioa eta irudiak Bárbara Ros
    Bakarkako abeslariak Lina Andueza eta Ana Telletxea (Beltxaren)
    Haurren abesbatza San Fermin Ikastolako ikasleak
    Helduen 1. abesbatza NUPeko Abesbatza
    Helduen 2. abesbatza Auzperri Abesbatza
    Estudioko grabaketak Gorka Elso eta Zuberoa Aznárez
    Instrumentuekin egindako bertsioak Gorka Elso eta Zuberoa Aznárez
    Teresa Monreal
    Musika Oinarriak María Villanueva
    Ana Rodríguez
    Bideoen grabazioa eta edizioa Patricia Carballo

    Nafarroako Univertsitate Publikoaren taldeak

    Haur Hezkuntzako proposamen didaktikoak "Haur literaturaren didaktika" irakasgaiko Irakasle Graduko 3. mailako ikasleak. Irakaslea: Juanjo Zubiri
    Lehen Hezkuntzako proposamen didaktikoak Paula Kasares (Haur eta gazte literaturaren didaktika) Arantxa Almoguera (Musika adierazpidearen didaktika)
    Koordinazioa Alfredo Asiáin

    Kredituak


    Reconocimiento – NoComercial (by-nc): Se permite la generación de obras derivadas siempre que no se haga un uso comercial. Tampoco se puede utilizar la obra original con finalidades comerciales.

    Bibliografia erreferentzia: Asiáin Ansorena, A. (Koord.) (2016). Cancionero: Colección de materiales didácticos I - Kantutegia: baliabide didaktikoen bilduma I. Pamplona - Iruña: Cátedra Archivo del patrimonio inmaterial de Navarra / Nafarroako ondare materiagabearen Artxiboaren Katedra.

    ISBN: 978-84-617-7368-8

    A partir de una idea de Ana Telletxea.