Nafarroako ondare materiagabea kultura herrikoia eta tradiziozkoa biltzen duten ahozko lekukotasunen errepertorio askotarikoak osatua da: atsotitz eta esaera zaharrek, ipuinek, sineste eta ohiturek, txantxa eta txisteek, txatal poetikoek eta abarrek. Hitzezko gai horiek egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ondare Materiagabearen Katedrak kudeatzen duen Artxiboan jaso dira, kultura balio handiko bilduma osatzen dute eta, gainera, hizkuntzalaritza, soziolinguistika nahiz hezkuntza ikerketarako aukera anitz ematen dituzte.
Horri erreparatzen dio, hain justu, Munduko Kultura Ondare Materiagabea Babesteko Konbentzioaren (UNESCO, 2003) 14. artikuluak, hezkuntzari dagokionak . Aipatu artikuluan estatu kideei, hezkuntza programetan sartuz, ondare hori balioetsi dezaten eta ondoko belaunaldiei eman diezaieten gomendatzen zaie: “... estatu kide bakoitza ahal den moldez, gizartean kultura ondare materiagabearen aintzatespena, begirunea eta balioestea bermatzen saiatuko da, batik bat hezkuntza programen bidez”.
Bestalde, Lehen Hezkuntzako curriculumean ahozko tradiziotik heldu zaizkigun literatura piezak hezkuntza xedeetarako erabiltzea proposatzen da. Lanketa proposamen hori modu orokor batetik zehatzago batera doa, hau da, komunikazio gaitasunaren ahozko alderdia ongi ikas ditzaten ikasleak estrategiez jabetzea helburu duen ikuspegi orokorretik hasi eta ipuinak, poemak, aho-korapiloak, esaera zaharrak, asmakizunak, lelo-segidak eta kantak entzun, esan edo kantatu eta buruz ikastea sustatzen duen ikuspuntu xeheagora doa.
Ildo horretan txertatzen da proposamen didaktiko hau, Nafarroako ondare materiagabeko lekukotasun batzuk baititu oinarri eta horiek Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailetan didaktikoki erabiltzea proposatzen baitu. Zehazki, narrazioak (ipuinak) eta txatal poetikoak (lelotegiak, igarkizunak, aho-korapiloak eta zotz egiteko formulak) hautatu dira. Planteamendu didaktiko honen berezitasuna proposamen ireki eta eleaniztuna, neska-mutiko eleaniztunendako zuzendua, eta gure ahozko tradizioan funtsatua izatean datza.
Proposamen didaktikoak helburu eta gaitasun zehatzei loturik lantzen dira eta ikasgelan erabiltzeko aukera sorta askotarikoa eskaintzen dute. Jarduerak ez daude itxita; aitzitik, maisu-maistrek horietan esku hartzeko, horiek moldatzeko, horien hurrenkera aldatzeko eta, finean, proposatua beren ikasleen berezitasunei egokitzeko eta bere egiteko zabalik dagoen proposamena da.
Jardueren eraketa berezia eta haien izaera ele bikoa (gaztelania/euskara) bi alderdiotan gauzatzen da: alde batetik, lekukotasunen aukeraketan (desberdinak hizkuntza batean eta bestean) eta, beste aldetik, proposamen bakoitzaren barnean, bi mintzairen arteko hausnarketan eta alderaketetan. Antolaketa horrek Nafarroako Hezkuntza sisteman dauden hizkuntzetako bitan ariketak sartzeko bide eman digu. Halaz guztiz, ariketa horiek bertze mintzairaren bateko (frantseseko, ingeleseko edo jatorri anitzetako haurrak biltzen diren ikastaldeetan, ikasleek hitz egiten duten edozein hizkuntzatako) pieza narratibo edo poetikoekin alderaketaz osa daitezke. Irakasleen ekarpenetarako zabalik egotean datza, hain zuzen, proposamen honen izaera irekia.
Literatura kontzeptuak, bestelako zehaztasunik gabe, idazleak eta idazlanak gogora badakarzkigu ere, kultura guztietan izan bada literatura bat ahoz sortu zena eta ahoz aho hedaturik iraun duena. Belaunik belaun ahoz adierazia izan den hitzezko ondare horri ahozko literatura, tradiziozko literatura, herri literatura nahiz folklorea deitu izan zaio. Juan Mari Lekuonaren (1982: 20) hitzetan, literatura mota hori ahoz adierazten da, belarriz ikasten nahiz gozatzen eta buruz jasotzen eta gordetzen. Literatura idatzia eta ahozkoa elkarren osagarri dira, biek gorputz bera osatzen baitute.
Ahozko literaturaren barnean askotariko piezak ditugu, literaturaren hiru generoetakoak: poetikoak (kopla zaharrak, baladak eta kantu narratiboak, errefrauak edo esaerak, bertsolaritza), narratiboak (ipuinak, kontakizun barregarriak) zein dramatikoak (herri-antzerkia, pastoralak). Literatura-gai horiek ez dute egile jakinik, gizarte sormenekoak dira, gizaldirik gizaldi ahoz aho transmitituak, harik eta noizbehin (ez beti eta ez garai berean) bilduak eta idatzirik jasoak izan diren arte.
Ahozko literatura jaso eta aztertzeko interesa XVIII. mendearen amaieran Alemanian sortu eta XIX. gizaldian barrena garatu zen Erromantizismo mugimenduak piztu zuen, ahozko literaturari balio berezia aitortzen baitzion herrien berezko jeinu eta izatearen adierazgarria delakoan. Garai horretan, bestalde, gizarte tradizionalen bizimoldeak bortizki aldatzen hasi ziren eta industrializatze nahiz urbanizatze prozesuek kulturaren transmisio eta hedabideak nabarmen aldarazi zituzten. Horrek ahozkotasunari loturiko adierazpideak galbidean utzi zituen eta betiko desagertuko ziren beldurrez ikertzaile batzuek horiek biltzeari ekin zioten.
Ahozko literaturaren barnean haur folklorea bereiziko genuke, hau da, haurrei zuzendu zaizkien edo neska-mutikoek beren artean erabili ohi dituzten kantak, joko formulak, ipuinak eta halako hitzezko gaiak.
Haur folklorearen barnean askotariko piezak ditugu. Alde batetik, genero narratiboan ipuinak. Bestalde, eredu poetikoetan poesia bera, sehaska kantak eta xumeagoak diren genero txikiak: lelotegiak, joko formulak, aho-korapiloak, igarkizunak... Genero dramatikoan ere haur antzerkia dugu, bai eta dramatiza daitezkeen bertzelako txatalak ere, elkarrizketa errimatuak edo egitura paralelistikoak, esaterako.
Ahoz aho iraun duten pieza literario horiek gogoan hartzeko errazak, eskuarki laburrak, izaten dira eta gainera, gogoratzea errazten duten baliabideak izaten dituzte
Ipuinak ez dira luzeak, haria sinplea izaten da eta gertakizun bakarra kontatzen dute; pertsonaia gutxi agertzen dira, estereotipoak direnak eta elkarrekin kontraesanean daudenak (heroia eta apala, ona eta gaiztoa, aberatsa eta pobrea); ez da zehaztapenik ez eta deskribapenik ere ematen (leku eta denbora zehaztugabean kokatzen dira); sekuentzia batzuk errepikatzen dira (maiz, hiru aldiz)...
Txatal poetikoetan elementu fonikoak nagusitzen dira, maiz esanahiak garrantzia galtzen duela: erritmoa, geldialdi erritmikoak; errima edo joko eufonikoak, antzeko hotsa duten hitzen bitartez eginak; antzeko-kontrako soinu-esanahien arteko jokoak; errepikapena, paralelismoak...
Teresa Colomer irakasleak (1999: 39-40) ahozko tradiziotik heldu zaizkigun molde poetiko anitzek nolabaiteko antzezte elkarreragilea eskatzen dutela nabarmendu du. Hau da, haurrei egiteko bat ematen zaie, erritmo jakin batean mugitu behar dute, modu zehatz batera jokatu, formula jakin batzuk esan, modu batean erantzun, abestu… Hori egitean gizartearen arauak eta hizkuntza formak barneratzen dituzte eta, horrekin bat, taldeko partaide gisa jokatzen ikasten dute.
Ikuspegi horretatik, Colomerrek haur folklorean jokatzen duten ezaugarriak alderdi hauetan multzokatzea proposatu du:
Hala bada, haur folklorean hitza ez ezik beste baliabide anitzek ere (erritmoak, mugimenduak, alde ludiko eta sozialak) jokatzen dute eta esaten diren hitzetatik banaezinak dira.
Lehenago aipatu dugunez, 60/2014 Foru Dekretuak, uztailaren 16koak, (2014ko irailaren 5eko NAOren 174. alean argitara emanak), Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako curriculuma ezartzen duenak, euskal hizkuntza eta literatura (D eredua) atalean dioenez, irakaskuntzak «... familia, eskola eta gizarte bizitzako edozein komunikazio egoeratan egoki jarduteko behar diren tresnak eta ezagupenak eman behar dizkio» ikasleari.
Euskara familia-mintzaira ez duten ikasleentzat hizkuntza honek ez du eskolako lanabes hutsa edo soilik ikasteko eta ikasgelan komunikatzekoa dena izan behar: «Erabilera informaletan eta ludikoetan ikasleek euskaraz behar adina ez jakiteak esan nahi du hizkuntzaren erabilera bultzatu behar dela maila informal, formal eta instituzionaletan, hizkuntza funtzio guztiak eskuratzeko».
Euskara etxeko hizkuntzatako duten ikasleen kasuan, haien komunikazio gaitasuna aberastu beharra dago eta haurra mintzatzen den euskalkia edo tokian tokiko hizkuntza moldea balioetsi. Alde horretatik, ahozko tradiziotik heldu zaigun literaturak «... euskararen erregistro aniztasunak dakarren kultura ondarea indartu eta balioesten du».
Beraz, Nafarroako ondare materiagabean biltzen den hitzezko ondare horren barnean dugun haur-folklorea eskura dugun baliabide ezin hobea da ikasleei euskarazko ahozkotasunaren eredu biziak, jatorrak eta adierazkorrak emateko.
Ahozko literaturaren pieza horiek euskaraz belaunez belaun garatu diren kontatzeko moduak, kantatzeko erritmoak, entzulearen arreta biltzeko estrategiak, oroimena azkartzeko bideak eta, hizkuntza jolasgai harturik, berau ohiko bideetatik aldendurik erabiltzeko baliabide erretoriko-poetikoak gordetzen dituzten ereduak dira, egungo ikasleen mintzamena eta adierazmena hobetzeko eskura ditugunak.
Hala bada, proposamen didaktiko hau zuzentzen den ikasmailetan, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, bai edukietan, bai ebaluazio irizpideetan, eta batik bat, 1. atalean, ahozko komunikazioari dagokionean, eta 5. atalean, literatura-hezkuntzari eskainitakoan, maiz aipatzen da ahozko literatura lantzearen garrantzia:
Funtsean, Lehen Hezkuntzako curriculumak haur-folkloretako hartzen duena hala ahozko komunikazioari dagokion atalean nola literatura-hezkuntzari dagokionean biltzen da. Hori horrela, ondare materiagabea ikasle txikiari helarazteko gure proposamen eta adibide gehienek bi atal horien arteko zubi eginen dute eta bietan eragitea izanen dute asmo.
Ondoko ataletan aurkeztuko diren proposamen didaktikoek beti ahozko lekukotasuna (narratiboa edo poetikoa) izanen dute abiapuntu, eskema honi jarraikiz:
Proposamenean jardueren helburuak eta landuko diren gaitasunak zehaztuko dira. Denbora-antolaketan jarduerak saiotan banatu dira eta ariketak deskribatuko jarraibide batzuk emanda baina horiek moldatzeko, horien hurrenkera aldatzeko eta, betiere, ikastalde bakoitzaren berezitasunei egokitzeko aukerak zabalik utzirik.
Herri ipuina edo tradiziozko ipuina asmatutako gertakizunen kontaera da. Egile ezagunik eta jatorrizko bertsio idatzirik ezean, kontakizun bizia da, etengabe aldatzen edo moldatzen dena, esatariaren eta entzulearen arabera.
Izenburua: “Asto zaharra eta otsoa”
Herria: Bera
Mota: kontakizun herrikoiak.
Azpimota: herri ipuinak.
Sailkapena: abereen ipuinak.
Hizkuntza: euskara
Iraupena: 4´
LAKAR, Maite eta IRIARTE, Nora (2002?). Bortzirietako ahozko tradizioa. Bortzirietako Ahozko Tradizioa jasotzeko bekaren bidez egindako ikerketa. Lan argitaragabea. “Asto zaharra eta otsoa” ipuina, Beran bildua, 394.-395. or.
LAKAR, Maite et al. (2014). Xaldun Kortin, jolastu gurekin. Gure herrietako haur kantuak eta kontuak familian gozatzeko. Nafarroa: Labrit multimedia, “Asto zaharra muziku”, 60.-61. or., CDaren 10. entzungaia (moldatua).
Bazen etxe batean asto zahar-zahar bat, erdi goseak bizi zena. Lokarri handi batekin lotua egoten zen eta, halako batean, bururatu zitzaion hura moztu eta joan behar zuela larrera asetzera, beti goseak baitzegoen.
Bere hortz handiekin moztu zuen lokarri hura eta joan egin zen. Larrean jan eta jan ari zen eta ohartu zen gaineko aldean ermita koxkor bat bazela.
Hara joan eta bertan belar berdea harrapatu zuen. Ona! Han zegoen ase, eguzkitan mandaloan. Halako batean, otsoa etorri zitzaion.
Orduan otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Hau malezia handiarekin ari da”.
Eta astoari esan zion:
― Oinean diat arantze,
ezin frinkatu bezalaxe.
Izan ere, otsoak ez zuen joan nahi hara gora ardi bila. Astoa gero eta larriago
zegoen ez zekielako nola alde egin, eta orduan esan zion:
― Han beheitian ermita,
meza entzun behar dut eta.
- Ipuinak maite dituzue? Zein ipuin duzue gogokoena?
- Nork kontatzen dizkizue ipuinak: amatxok, aitatxok, amatxik, aitatxik, izebak, osabak, zaintzaileak, anaiak, arrebak/ahizpak? Nork kontatzen ditu hobeki? Noiz nahiago duzu kontatzea ipuina: ohean zaudelarik, lokartu baino lehen; arratsaldez, telebista ikusi beharrean; oporretan zabiltzatelarik eta asti gehiago duzuenean; edo negu partean, eguraldi txarra egiten baitu parkean jolasean aritu ezin zaretenean?
- Etxean ipuin-libururik baduzue? Aitatxi-amatxik beren txikitako ipuinak kontatzen al dizkizuete?
- Ipuina gustatu al zaizue? Nor bizi zen baserrian eta alde egin zuen hortik? Ikusi al duzue inoiz astorik? Nolakoak dira astoak? Ipuineko astoak zergatik joan nahi zuen larrera? Eta norekin egin zuen topo mendiko larrean?
- Zer nahi zuen otsoak? Ikusi al duzue inoiz otsorik? Eta otsorik agertzen den ipuinik ezagutzen al duzue? Nolakoak dira ipuinetako otsoak?
- Zer egin zuen astoak otsoaren atzaparretatik libratzeko? Eta nola gelditu zen otsoa?
- Ezagutzen dituzun bertze ipuinetan zer egiten du otsoak?
a) Larrean jan eta jan ari zen.
b)- Agur, agur, astoko!
- Ongi etorri, otsoko!
a) Larrean jan eta jan ari zen.
b) -Agur, agur, astoko!
-Ongi etorri, otsoko!
- Ardia larrean jan eta jan ari zen.Irudiak baliaturik lanketa bertsua egin daiteke baina tokia aldatuz:
- Behia larrean jan eta jan ari zen.
- Behorra larrean jan eta jan ari zen.
- Zerria larrean jan eta jan ari zen.
- Ahuntza larrean jan eta jan ari zen.
- ...
- Ardia belaian jan eta jan ari zen.
- Behia behitegian jan eta jan ari zen.
- Zenena ukuiluan (edo heian) jan eta jan ari zen.
- Behorra baserrian jan eta jan ari zen.
- Zerria kortan jan eta jan ari zen.
- ...
- Ane edan eta edan ari zen.
- Jueln irri eta irri ari da.
- Maistra txalo eta txalo ari zen.
- Ume txikiak negar eta negar ari ziren.
- Gu solas eta solas ari gara.
- ...
― Agur, agur, zaldiko!
― Ongi etorri, zezenko!
― Agur, agur, mandako!
― Ongi etorri, axerko!
― Agur, agur, zerritxo!
― Ongi etorri, oreintxo!
― Agur, agur, ahuntza!Bikoteka sortutako esaldiak beren koadernoetan idatziko dituzte ikasleek.
― Ongi etorri, hartza!
Arre-arre mandoko
bihar Iruñerako,
etzi Zangozarako.
Handik zer ekarriko?
Eraztun bat eriko,
boneta bat buruko,
zapatiko zangoko.
Haur folklorean genero poetikoa batik bat izaera ludikoko pieza edo txatalek osaturikoa da. Proposamen didaktikoak apailatzeko lau mota hautatu ditugu: lelotegiak edo lelo-segidak, aho-korapiloak, igarkizunak edo asmakizunak eta zotz egiteko formulak.
Lelotegiak edo lelo segidak, lehenak gure hitz-jokoen zerrendan, erritmoa eta joko eufonikoa lehenesten duten txatal poetikoak dira.
Igarkizunak (asmakizunak edo asmakariak), batetik, hizkuntzaren bidez jolasteko aukera ematen digute; eta bestetik, baliabide didaktiko apartak dira, adimena, irudimena eta oharmena garatzeko. Igarkizunek hasierako formula batzuk har ditzakete sarbidetako: zer dela eta zer dela..., pipitaki-papataki nik badakit gauza bat..., ezetz igarri..., ez duzula igartzen...
Azkenik, zotz egiteko formulak joko-kantu laburrak dira, erritmo eufoniko garbia dutenak. Silaba kolpeka kantantzen da jolaskide bakoitzari silaba bat esleituz eta zortea azken silaba egokitzen zaionarengan eroriko da.
Izenburua: “Kukurruku”
Herria: Ziga, Baztan (Nafarroako Mendialdeko hainbat herritan antzekoak bildu dira).
Mota: haur joko-kanta.
Azpimota: elkarrizketa kateatua
Hizkuntza: euskara
Iraupena: 0’32’’.
LAKAR, M. eta TELLETXEA, A. (2007). Baztan solasean. Ahozko tradizioaren bilduma. Liburua eta CDa. Iruña: Nafarroako Gobernua eta Baztango Udala, 77. or. CDaren 22. tituluan, 1. kapituluan, 2. entzungaia, Zigan grabatua, 0’32’’.
LAKAR, Maite et al. (2014). Xaldun Kortin, jolastu gurekin. Gure herrietako haur kantuak eta kontuak familian gozatzeko. Nafarroa: Labrit multimedia, “Asto zaharra muziku”, 60.-61. or., CDaren 19. entzungaia (moldatua), 0’54’’. DVDan bideoa.
Lehen saioa:
Ahozkotasunari eskainia: entzun, errepikatu eta buruz ikasi.
Bigarren saioa:
Edukiari eskainia: mezuaz hausnartu.
1. Entzundakoaren ulermena neurtu eta horri laguntzeko galderak: nork egiten du kukurruku? Zer du? Nork egin dio mina? Zertan ari da axeria?...
2. Zabaltzeko jarduerak:
Bertsoa luzatu. Haurrei laguntza emanen diegu irudien bidez (4. fitxa). Adibidez, ardia
(artilea emateko), behia (esnea emateko), zakurra (etxea zaintzeko), katua (saguak uxatzeko)...
Hirugarren saioa:
Formari eskainia: gogoeta egitea eta sortzea.
1. Bertsoa berriz kantatuko dugu baina bertso-lerro bakoitzaren bukaeran gelditurik. Maisu-maistra hasiko da eta ikasleek azken hitza errepikatuko dute:
- Kukurruku [kurrukuku]
- Zer duzu? [duzu]
- Buruan min. [min]
- Nork egin? [egin]
- ...
Binaka jarrita antzeko bertso bat osatuko dute gero dramatizatzeko. Horretarako laguntza izanen dute (6. fitxa):
- Kukurruku!
- Zer duzu?
- _________ min.
- Nork egin?
- _______k.
- _______ non da?
- ____________n.
- Zertan ari da?
- ____________.
- ________ zertarako?
- _______________.
- ________ zertarako?
- _______________.
- ________ zertarako?
- _______________.
- ________ zertarako?
- Opila egiteko.
- Opila zertarako?
- Guk denok jateko!
Izenburua: “Akerra ikusi dugu”
Herria: Azpilkueta (Baztan).
Mota: haur joko-kanta
Azpimota: kanta kateatua
Hizkuntza: euskara
Iraupena: 3’37’’
LAKAR, Maite eta TELLETXEA, Ana (2004). Baztango ahozko tradizioa. Baztango Ahozko Tradizioa jasotzeko “Mariano Izeta” bekaren bidez egindako ikerketa. Lan argitaragabea. “Akerra ikusi dugu” ipuina, Azpilkuetan (Baztanen) bildua, 140.-141. or.
Entzungaia (kanta):
Entzungaia (karaokea):
Akerra ikusi dugu baratzean jaten.
Makila ikusi dugu aker hori jotzen.
Makilak akerra, akerrak artoa, akerra ken,
baratzetik akerra ken,
ken, ken, ken, ken.
Sua ikusi dugu makila hori erretzen.
Ura ikusi dugu su hori itzaltzen.
Urak sua, suak makila, makilak akerra,
akerrak artoa, akerra ken,
baratzetik akerra ken,
ken, ken, ken, ken.
Idia ikusi dugu ur hori edaten.
Soka ikusi dugu idi hori lotzen.
Sokak idia, idiak ura, urak sua, suak makila,
makilak akerra, akerrak artoa, akerra ken,
baratzetik akerra ken,
ken, ken, ken, ken.
Hiru saio.
Lehen saioa:
Ahozkotasunari eskainia: entzun, abestu eta buruz ikasi.
Bigarren saioa:
Edukiari eskainia: mezuaz hausnartu.
1. Entzundakoaren ulermena neurtu eta horri laguntzeko galderak:
nolakoak dira akerrak? Ikusi al duzue inoiz akerrik? Kantuko akerra zertan ari zen? Zuek baratzerik al duzue? Eta nahiko zenukete aker batek zuen baretzean jatea? Zer erraten zaio kantuan akerrari baratzetik alde egiteko? Gero zer gertatzen zaio makilari? Idia agertzen da kantuan. Nolakoak dira idiak? Ikusi al duzue inoiz idirik? Zertan ari da kantuko idia? Gustatu al zaizue kantua?
2. Zabaltzeko jarduerak:
2.1) Antzeko txatala sortu baina beste animalia bat erabiliz (fitxa):
___________ ikusi dugu baratzean jaten.
Makila ikusi dugu _____ hori jotzen.
Makilak _______, _________k artoa, _________ ken,
baratzetik ________ ken,
ken, ken, ken, ken.
º
2.2) Egin dezatela marrazkia sortu duten ahapaldi berria azaltzeko.
Hirugarren saioa:
Formari eskainia: gogoeta egitea eta sortzea.
1. Bertsoa berriz kantatuko dute baina bertso-lerro bakoitzaren bukaeran gelditurik. Maisu-maistra hasiko da eta ikasleek azken hitza errepikatuko dute:
-Akerra ikusi dugu baratzean jaten. [jaten]]
-Makila ikusi dugu aker ori jotzen. [jotzen]
-Makilak akerra, akerrak artoa, akerra ken, [ken]
-baratzetik akerra ken, [ken]
-ken, ken, ken, ken. [ken]
2. Azken jarduera
Binaka jarrita, ikasleek egindako bertsoa dramatizatuko dute.
Izenburua: “Berde-berdea” eta “Atzean bi zulo”
Herria: Almandoz (Baztan).
Mota: herri poesia
Azpimota: asmakizunak edo igarkizunak
Hizkuntza: euskara
Iraupena: 1’16’’
LAKAR, M. eta TELLETXEA, A. (2007). Baztan solasean. Ahozko tradizioaren bilduma. Liburua eta CDa. Iruña: Nafarroako Gobernua eta Baztango Udala, 80. or. CDaren 24. tituluan, 1. kapituluko entzungaiak; Almandozen grabatuak, 1’16’’.
Saio bat
Saioaren lehen zatia:
Ahozkotasunari eskainia: entzun, errepikatu eta buruz ikasi.
Saioaren bigarren zatia:
Sormena eta hizkuntza jolasgai hartzeko gaitasuna lantzeko. Jarraibide hauek eman:
Ikasleak igarkizunetan jolastuko dira. Irakasleak asmakizunetan erabiltzen ahal den sarbideko formula bat ikasteko proposatuko die. Arbelean idatziko du ikasleek beren koadernoan idatz dezatela:
“Pipitaki-papataki, nik dakidana nork daki?”
Formula hori erabilita bakoitzak bere igarkizuna esango du.
Saioaren bukaeran gehien gustatu zaizkien asmakizunak ikastaldeaen blogean para daitezke.
Izenburua:“Anda, randa”
Herria: Bera.
Mota: herri poesia
Azpimota: zotz egiteko formula
Hizkuntza: euskara
Iraupena: 0’48’’
LAKAR, Maite et al. (2014). Xaldun Kortin, jolastu gurekin. Gure herrietako haur kantuak eta kontuak familian gozatzeko. Nafarroa: Labrit multimedia, “Anda randa”, 35. or., CDaren 4. entzungaia, 0’48’’.
Anda, randa
Anda, randa, zubi, llanda,
lera, txiko, zapatiko,
lera, lera, neme,
txapi, txapi, txanda,
pitxerrean xilarra,
nire bihotzeko ainarra,
ttuntturun bilo,
xi-lo-ko!
Saio bat.
Saioaren lehen zatia:
Ahozkotasunari eskainia: entzun, errepikatu eta buruz ikasi.
Saioaren bigarren zatia:
Hizkuntza jolasgai hartzeko gaitasuna lantzeko. Jarraibide hauek eman:
Irakasleak zozt egiteko beste kanta bat badakiela esango die haurrei eta arbelean idatziko du, ez die hasieran ahoz emanen. “Xirristi-mirrixti”, Etxalarren bildua (Lakar eta Iriarte, 2002: 102):
Xirristi-mirrixti
gerrena pla
olio zopa
kikiri salda,
urrup!, edan edo klik,
ikimilikiliklik!
Kanta (San Fermin ikastolako haurrek abestua) entzunen dute entzunen dute. Gero ikasleek ozen esango dute eta kantari zotz egiteko moduan kantatzeko silabakako kolpe eta erritmo egokia emango diote eta lauko taldetan zozketan ariko dira bakoitzak behin bederen esateko.
Saioaren bukaeran zotz egiteko bi kanta berri ikasteko aukera izan dute. Orain jostaldietan ikasleek erabiltzea sustatuko dugu.
Zotz egiteko beste formula honekin (eta Nafarroako Kultura Ondare Materiagabearen Artxiboan dagoen edozeinekin) ere antzeko prozedura egin liteke:
Dona, dona, katona
sutondoan aitona
lepotik behera
kuttuna.
Atera kanpora
mutil ttuntuna (edo neska esan liteke)
Lehenik ahozko tradiziotik bildu den lekukotasuna ikusiko genuke (Lekukotasunaren bideoa. Lekunberri) eta ondoren kantaren bideoa (San Fermin ikastolako haurrek grabatua). Gero, aitzineko lanketan propostu bezala.
COLOMER, T. (1999). Introducción a la literatura infantil y juvenil.Madrid: Síntesis.
EUSKO JAURLARITZA (2009). Herri literatura. Euskara mintzagai, 5. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco / Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
LAKAR, M. et al. (2014). Xaldun Kortin, jolastu gurekin. Gure herrietako haur kantuak eta kontuak familian gozatzeko. Liburua, DVDa eta CDa. Nafarroa: Labrit multimedia.
LAKAR, M. eta IRIARTE, N. (2002). Bortzirietako ahozko tradizioa. Bortzirietako Ahozko Tradizioa jasotzeko bekaren bidez egindako ikerketa. Lan argitaragabea.
LAKAR, M. eta TELLETXEA, A. (2004). Baztango ahozko tradizioa. Baztango Ahozko Tradizioa jasotzeko “Mariano Izeta” bekaren bidez egindako ikerketa. Lan argitaragabea.
LAKAR, M. eta TELLETXEA, A. (2007). Baztan solasean. Ahozko tradizioaren bilduma. Liburua eta CDa. Iruña: Nafarroako Gobernua eta Baztango Udala.
LEKUONA, J. M. (1982). Ahozko euskal literatura. Donostia: Erein.
UNESCO (2003). Convención para la Salvaguardia del Patrimonio Cultural Inmaterial, http://www.unesco.org/culture/ich/index.php?lg=es&pg=00006; último acceso 18/12/2014.
Bibliografia erreferentzia:
Aragüés, I., Kasares, P. y Oroz, N. (2016): Propuestas para trabajar la Literatura oral en Educación Primaria - Ahozko Literatura Lehen Hezkuntzan lantzeko proposamenak. Colección de materiales didácticos II - Baliabide didaktikoen bilduma II. Pamplona - Iruña: Cátedra Archivo del patrimonio inmaterial de Navarra / Nafarroako ondare materiagabearen Artxiboaren Katedra.
Egileak:
Itziar Aragüés, Paula Kasares y / eta Nekane Oroz
Ilustratzailea:
Marta Burugorri
Maketazioa:
Marta Burugorri
Editorea:
Cátedra Archivo del patrimonio inmaterial de Navarra (APIN) / Nafarroako ondare materiagabearen Artxiboa (NOMA): Universidad Pública de Navarra / Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA)
Bilduma:
Colección de materiales didácticos II / Baliabide didaktikoen bilduma II. Coordinador de la colección / Bildumaren Koordinatzailea: Alfredo Asiáin
Reconocimiento – NoComercial (by-nc):
Se permite la generación de obras derivadas siempre que no se haga un uso comercial. Tampoco se puede utilizar la obra original con finalidades comerciales.
ISBN: